Aiora Sampedro | Paloma Rodriguez-Miñambres
27/06/2026 Actualizado a las 11:06h.
Gorputza eta hitza uztartuz
Autorea Maixa Zugasti
Editoriala Erein
Orrialdeak 128
Salneurria 19,50 euro
Maixa Zugastik gorputzaren eta hitzaren arteko harremana arakatzen du, gaixotasunak inposatutako denbora oinarri hartuta. Hiru atal ditu libur honek, zeinetan eguneroko orduen segida eta gogoeta sakonagoen artean txandakatuz, kontsolamendu erraza alde batera uzten duen idazleak premia bati erantzuteko asmoz: ordena ezartzea kaosaren erdian, hitzaren bidez gorputzari forma ematea, behin-behinekoa bada ere.
Liburuaren indarra, batez ere, irakurketak eta idazketak bizirauteko tresna gisa hartzen duten zentzuan datza, literatura existitzeko modu bihurtzen baita, ihesbidetik harago. Kapituluen izenburuek, ustez antonimoak diren bi hitzez osatuek, liburuaren funtsezko tentsioa islatzen dute: argiak bakarrik erakuts dezake itzala.
Lekukotza zintzo bat eraikitzen du Zugastik, hitzak neurtuz eta errukirik eskatu gabe. Samurkeriatik eta heroismotik urrun.
Sasi artean, argi bila
Autorea Sebastian Gartzia Trujillo
Editoriala Balea Zuria
Orrialdeak 117
Salneurria 14 euro
Lehen poesia liburua argitaratu du Gartzia Trujillok, non urteetako hausnarketa baten emaitza antzematen dugun. Lau ataletan zehar bere pentsamendu-ibilbidea eratzen du gizarte, maitasun, euskaltasun eta giza arduraren gainean ardaztuta. Dena den, ez du ezkutatzen horren guztiaren azpian mistizismoaren auzia dagoela.
Hizkuntza landua eta zuzena darabil, apaingarri gehiegirik gabe, eta horrek, zenbaitetan, liburuari kasik tratatu baten tankera ematen dio.
Egileak jakitearen eta ez jakitearen mugan idatzi duela aitortu du, bere erreferentzia-sareak– Gandiaga, Lete, Oteiza, Chillida, San Juan de la Cruz – ibilbide intelektual oparoa azaleratuz.
Laburbilduz, lan jasoa eta zintzoa dugu, gaur egun euskal literaturan ohikoa ez den ibilbidea erakusten duena, nahiz eta tarteka pisu erreferentzialak poesia bera estaltzeko arriskua izan dezakeen.
Historiak isilduak
Autorea Kepa Larrea
Editoriala TZ Testu Zaharrak
Orrialdeak 226
Salneurria 20 euro
Kepa Larrearen lehen eleberrian elementu interesgarriak topatuko ditu irakurleak. 1937ko Bilboren bonbardaketak abiarazten du kontaketa eta hortik aurrera bi denbora-hari josten ditu trebetasunez: alde batetik, garaiko maitasun-istorio bat, eta bestetik, urte askoren buruan, Joneren ikerketa, familiaren iraganeko isiltasunak argitu nahi dituena. Fikzioa izan arren, benetako ahozko lekukotzetan oinarritzeak emozio-pisu handia ematen diola begitandu zait.
Eleberriak, gainera, alderdi bat dakar, agian ez hain begi-bistakoa: gaur egungo Ezkerraldearen paisaiaren aurreko itxura berreskuratzen du, gerora industrializazioak guztiz aldatu (suntsitu) zuena. Eta desagerpenaren salatzea. Hala, bi galera kontatzen ditu batera – memoriaren eta lurraldearen galerak –, lan honi sakontasun bereziaz hornituz. Atseginez irakurtzen den eleberria.
Lau esku, komiki bat
Autorea Gregorio Muro eta Carlos Varela
Editoriala Harriet
Orrialdeak 112
Salneurria 25
Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dute Harriet argitaletxean komiki hau. Genero beltzeko testuak irakurtzea gustuko duenak eta hitzekin soilik saturatuta egonagatik, irudiekin ere gozatu nahi duenak hondartzara eramateko aukera egoki ikusten ditut nik komikiak.
Hilketa aniztunak, patroi bera jarraitzen duen hiltzaile serial misteriotsu bat eta iraganeko trauma bat gainditzeko detektibe lanetan hasiko den protagonistak genero beltzaren osagai guztiak biltzen dituzte hemen. Baina baditu baita ere gure lurraren historiarekin lotutako espazioa eta garai historiko baten ardura sozialen ispilua ere: Gallartako meatze-lantegien inguruan 1898tik aurrera jazoko dira gertakariak.
Carlos Varelaren irudi beti zehatzek eta tonu primarioetan egindakoek istorioak transmititzen duen artegatasun sentsazioa laguntzen dute kontakizun guztian zehar.
Irakurketa politiko bat
Autorea Fatima Ouassak (Itz. Leire Mendiburu
Editoriala Katakrak
Orrialdeak 156
Salneurria 15 euro
Aurtengo aukeraketan saiakera edo itzulpena den liburu bakarra da hau. Katakrak editorialaren lerrotik, pentsamendu politikorako bidea zabaltzen du lan honek. Bide batez, eta oker ez banago, gaztelaniara baino lehenago itzulia izan da euskarara argitaletxearen lanari esker.
Haurra zela Frantziara migratua, egilea pentsalari eta aktibista ezaguna da, nahiz eta guretzat haren lehen liburua izan. Horrela uler liteke lurraren jabetza berria aldarrikatzearen beharra. Hala ere, liburuak ez dihardu soilik teorikoki; mugimendu ekologistari egindako kritika batetik iraultza ekologista batera trantsizionatzeko modua ere gauzatzen du Ouassakek. Eta horregatik, liburua ez da bakarrik krisi klimatikoari buruzkoa, hura irakurrita Frantziako langile klase migratzailearen eguneroko arrazakeria egoeraz, desjabetze prozesuaz… informazio asko ematen du.
Isildu eta esaten denaz
Autorea Peio Iturralde
Editoriala Susa
Orrialdeak 112
Salneurria 14,25 euro
Poeta bilbotarraren lehen liburua da Susako poema-bilduma hau. Hiru ataletan banatuak daude poemak eta atalen izenburuetatik ateratzen da liburuaren mezua kondentsatzen duen 'Omnia sunt communia' leloa. Idazletzaz dihardute haren poemek, sorkuntza-prozesuaz nahiz idazle bilakatzeaz; eta aldi berean, denek dute estetika kostunbrista bat eta haren atzean, irakurketa filosofiko edo politiko bat baimentzen duen hausnarketa.
Editorialak kontra-azalean argitzen du hitz desordenatuen bila dabilen poetaren ekoizpena dela hau eta poetak berak baliatzen du egoera hau kutsu esperimentaleko formatuak erabiltzeko edota tonu desberdineko poemak. 'Communia' atalarekin amaitzen da liburua, komunitatearen indarra da eta poetarentzat optimismorako arrazoi. Uda honetarako irakurgai fresko bat bilatzen duenarentzat poeta baten ahots originala eta intimoa izango da.
| # | Наименование новости | Тональность | Информативность | Дата публикации |
|---|---|---|---|---|
| 1 | Haur eta gazte literaturaren gure gomendioak udarako | 0 | 10 | 03-07-2026 |
| 2 | Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketan bi lehenengo sari eskuratu ditu Nerea Balda idazleak | 0 | 5 | 20-12-2018 |
| 3 | Siete libros de historia, ensayo y poesía para disfrutar, aprender y sentir este verano | 0 | 8.62 | 28-06-2026 |
| 4 | Mikel Nabarro Saioa Jaurenarekin | 0 | 0 | 03-10-2017 |
| 5 | David Pablosen 'En el camino' dela eta | 0 | 10 | 27-07-2026 |
| 6 | Gurutze Santxo, otsaileko programazioa | 0 | 0 | 05-02-2018 |
| 7 | Angel Erro: "Aurreiritziz betetako motxila daramagu" | 0 | 5 | 12-11-2018 |
| 8 | Gaudí y la literatura | 0 | 6.17 | 05-06-2026 |
| 9 | Zerrenda ezagunak, erantzun zailak | 0 | 0 | 13-04-2018 |
| 10 | Bide Ertzean, hitza eta kantua irratian | 0 | 5 | 28-12-2016 |