Iraitz Urkulo
19/09/2026 a las 00:11h.
Haur askorentzat eskolara bueltatu behar izateak abenturen amaiera dakar. Akabo ordutegi zorrotzik gabeko egun luzeak, akabo hondartza eta mendi-txangoak, akabo eguzkipean etzanda egotearen sentsazio goxoa, akabo udako ametsak. Fantasiak, ordea, ez du zertan udako oporrekin batera agortu. Hori erakusteko, gaurkoan genero fantastikoa eta abenturazkoa uztartzen dituzten hiru ipuin proposatuko dizkizuet, ikasturtearen hasieran etxeko txikiek ilusioari eutsi eta irudimenari eragin diezaioten. Hirurak Erein argitaletxearen aurtengo nobedadeak dira eta 7 urtetik 10 urtera bitarteko haurrei zuzenduta daude.
'Ikastolan mamuak daude'
Azaleko izenburuaren tipografiak aurreko mendearen azken hamarkadetan irakurle gaztetxoen artean sekulako ospea izan zuen R.L. Stineren 'Pesadillas' bilduma zoragarria gogorarazten duen arren, hau ez da beldurrezko ipuin tradizionala, norbere mamuei aurre egiteaz diharduen istorioa baizik. Eta azkenerako mamuak horren mamu ez badira ere, kontakizun pixka bat fantastikoa bada. Gainera, Iker Uriberen marrazkiak tartekatzen dira liburuan zehar; kolore bizietako irudiak, orrialde osokoak, non espresibitate handiko aurpegierak nabarmentzen diren.
Beldurrarekin batera, ziurrenik haren gainetik, familiaren maitasuna da liburu honen gai nagusia. Izan ere, senideen maitasunari esker lortuko du Eñautek, 8 urteko haur protagonistak, ikastolara joateko beldurra gainditzea; amaren ulermen, pazientzia eta samurtasunari esker eta, batez ere, une oro alboan duen aititeren ezinbesteko babes, laguntza eta bultzadari esker. Aurrerantzean, ez da berriro eskolako jardueren beldur izango, ezta komunera bakarrik joatekoa ere, are gutxiago baloiaren beldur jolas-orduetako futbol-partiduetan.
'Niko eta amona intergalaktikoa. Piramide hegalarien kasua'
Idazle bilbotarraren abentura bildumaren bigarren titulu hau ipuin fantastiko peto-petoa da, eta zientzia-fikzioaren eragin nabarmena du. Aurreko kontakizunean bezala, Niko eta haren amona Gregori dira protagonistak. Ez da ohiko amona, ordea; Planetarteko Konfederazioko Agente Intergalaktikoa baizik. Biak elkarrekin, galaxian zeharreko misiorik eroenak burutu eta hamaika abentura harrigarri biziko dituzte, Iván Landak kolore biziz eta xehetasunetan atsegin hartuz irudikatutako planeta ugari ezagutuz, zein baino zein bitxiagoa, eta horietan bizi diren izaki txundigarriei lagunduz.
Abentura berria autoreak Antzinako Egiptori egindako omenaldi txiki gisa interpreta daiteke, nahiz eta istorio honetako planetak Arezabal izena duen, Niloren ordez Urgarden ibaiak busti dituen kakalardo estralurtarren espezie adimendun batek osatutako zibilizazioaren lurrak eta hango piramideak basamortuko harean egon beharrean airean dauden, hegan.
Oraingoan ere, Amutxategik dagoeneko bildumaren bereizgarri bihurtu diren alderdiei eusten die. Alde batetik, irakurraldiaren amaierara arnasestuka iristeko moduko gertaera-segida eta kontaketa-erritmo bizia, Nikoren begietatik narratua. Bestetik, abentura berrian ere, nola ez, amonak, Doraemon katu kosmikoa balitz bezala, asmakari txundigarriak ateratzen ditu etengabe bere soinekoaren poltsikotik.
'Munstrokast deluxe'
Hauxe dugu 'Eskapu txiki' bildumaren hirugarren titulua, Nerea Loiolak Orhi semearekin elkarlanean idatzitako lehendabizikoa. 80ko eta 90eko hamarkadetan haur eta gaztetxoen artean arrakasta itzela izan zuen 'Aukeratu zure abentura' bilduma arrakastatsuaren bertsio eguneratutzat jo dezakegu; gaurko haurren arreta erakartzen dituzten gaiak jorratzen dituena, alegia. Gainerakoan, irakurketa aktiboan eta ezin ludikoagoan oinarritutako orduko esentzia berari eusten dio.
Nerea Loiola eta Orhi Epelde. Marrazkiak: Iván Landa. 117 or.
Liburu hauetan, haurrak erabaki behar du protagonistaren hurrengo pausoa, horretarako orrialde gutxian behin eskaintzen zaizkion bi aukeretako baten alde eginez. Erabaki bakoitzean, orrialde batera edo bestera jauzi egin eta bertan berrekin beharko dio irakurketari. Hala, haurrak egindako hautuen arabera, protagonisten bidea eta istorioa bera guztiz ezberdinak izango dira. Hori gutxi balitz bezala, irakurle txikien esperientzia are entretenigarriagoa eta parte-hartzaileagoa izateko, haientzat erronka handiagoa izan dadin, aldian behin enigmak ebatzi beharko dituzte zer orrialdetara salto egin behar duten jakiteko.
Iván Landaren marrazkiek oso estetika deigarria dute, eta haietan protagonista POV ikuspegitik irudikatuta dago azaletik bertatik, argi utziz liburu honetan egiazko protagonista irakurlea dela. Izan ere, bilduma honen bereizgarrietako bat da irakurleari zuzen mintzatzen zaiola, bigarren pertsonan idatzita baitago.
Ipuin berriak fantasia, abentura, misterioa eta bideojokoak uztartzen ditu istorio berean, eta hori, benetan liluragarria izateaz gain, oso dibertigarria ere bada. Zuk zer egingo zenuke bideojoko baten barruan amaitu eta, haren pertsonaia nagusia bihurtuta -kasu honetan munstro itxura bereganatuta-, hura bezala sentituko bazina? Eta haren ezaugarriak eta ahalmenak baliatuz munduz mundu eta pantailaz pantaila aurrera egin beharko bazenu misioak burutuz? Gaurko edozein haurren ametsa dirudi... joko barruan giltzapetuta zaudela eta handik ihes egitea eta zure etxeko errealitate goxora itzultzea batere erraza izango ez dela konturatzen zaren arte.
Horra hor kontakizun honen trama beldurgarri bezain erakargarria, irakurle bakoitzaren erabaki adina amaiera ezberdin dituena. Bidean, paisaia fantastikoak zeharkatu, munstro txundigarriak ezagutu eta proba bihurriak gainditu beharko ditu, abentura zirraragarri batean. Etxeko txikiek izugarri gozatzeko moduko nobedadea, irakurzaletasuna pizten duten horietakoa.
| # | Наименование новости | Тональность | Информативность | Дата публикации |
|---|---|---|---|---|
| 1 | Agraïment al pare i a l'escola | 0 | 10 | 24-07-2026 |
| 2 | Eskola publikoaren alde | 0 | 10 | 25-10-2011 |
| 3 | Ці захочуць дзеці гэта насіць? Разабралі новыя калекцыі школьнай формы | 0 | 10 | 08-08-2026 |
| 4 | Studio 9 - Verizon Back To School | 0 | 24.29 | 20-08-2026 |
| 5 | 0 | 0 | 08-09-2026 | |
| 6 | 0 | 0 | 24-11-2016 | |
| 7 | 0 | 0 | 24-11-2016 | |
| 8 | 0 | 0 | 24-11-2016 | |
| 9 | Welcome to School | 0 | 10 | 07-05-2026 |